Erabiltzailea
Gakoa

Ezti dastaketa:

“Eztia” esan beharrean, “eztiak” esan beharko genuke, eztiak, ardoak bezala, asko eta oso ezberdinak baitira: argiak, ilunak, gozo-gozoak, garratzak, testura ezberdinekoak, leun-leunak, kristalizatuak, usaintsuak …

                                       

Beraz, beste produktuetan bezala geure gustukoa ezagutu eta kontsumitu behar dugu. Horrek ez du esan nahi beti ezti bera hartu behar dugunik. Adibidez, bapo bazkaldu eta gero, gorputzak gozoa eskatzen digunean, batzuetan, ezkai-ezti (tomillo) koilarakada txiki batekin ase dezakegu gozo-behar hori, oso usaintsua eta betegarria baita; besteetan, berriz, mila lore  sendo batek jogurta ondo osa dezake.

Gustukoena zein dugun jakiteko, ezti ezberdinak probatu behar ditugu eta bakoitzaren ezaugarriei erreparatu behar diegu.

Orain, eztia nola dastatu  behar den eta zeri erreparatu behar diogun azalduko dugu:

Hasteko, bi ezti mota nagusi daudela jakin behar dugu: lore bakarrekoak eta mila loreak. Lore bakarrekoak, ia bere osotasunean, lore bakar baten nektarraz eginda daude; mila loreak berriz lore askoren nektarraz.

Eztiak, ahal bada, arinenetik sendoenera dastatu behar dira, eta gehienez, hiru edo lau ezti ezberdin.

Eztia nola dastatzen den:

Eztia dastatzeko zentzu guztiak erabiliko ditugu eta ezti bat dastatzean izandako sentsazioak  buruan gordeko ditugu beste bat dastatzean alderatzeko.

a. Ikusmena:

    

Dastatu aurretik ikusmena erabiliko dugu eta ondorengo ezaugarriotan arreta jarriko dugu:

-Eztiaren kolorea: koloreak ugariak dira, hori argi-argitik ia beltzera. Normalean, ezti argiak arinagoak izaten dira; ezti ilunak, berriz, zapore handiagoa izaten dute eta ez dira hain gozoak izaten.

-Eztiaren garbitasuna: eztiak garbi egon behar du eta ez du argizari zatirik edo bestelako hondakinik eduki behar.

-Gardentasuna: ezti batzuk, nahiz eta ilunak izan, gardenak dira eta beste batzuk ez. Ezti kristalizatuak ez dira gardenak, noski, baina horrek ez du esan nahi eztia okerragoa denik. Marka ezagun askok kristalizazioa saihesteko eztia berotu egiten dute eta ondorioz, zapore eta lore-tonu guztiak suntsitzen dituzte.

-Fluidotasuna: eztia arina edo oso sendoa izan daiteke, lore bakoitzaren eta hezetasun-mailaren arabera. Eztiak ez du %18 baino hezetasun handiagoa izan behar.

                                  

b. Usaimena:

  

Eztiak usain ona izan behar du eta usain txarreko eztiak  baztertu egin behar ditugu. Potea ireki eta bertatik luze eta poliki usaintzea da modurik hoberena. Ondoren usaina gogora ekartzen digun zerbaitekin erlazionatu behar dugu eta buruan gorde behar dugu.

c. Ukimena:

Eztia ahora sartutakoan,  mihiarekin bere gorpuzkera aztertuko dugu: leun-leuna, lehorra, lakarra, kristalduna …

Kristaldunen kasuan, mihi punta erabiliz kristalak nolakoak diren nabarituko dugu: txikiak, handiak, zorrotzak, borobilak, desegiten errazak, iraunkorrak …

d. Zaporea:

Eztia ahoan zabaldu eta gozoa edo garratza den aztertu ondoren, zeren antza artzen diogun konturatu behar dugu.

Ondoren, irentsitakoan,  haize pixka bat  ahotik sartu eta sudurretik bota behar dugu; orduan sumatuko ditugu loreen sentsazio edo usainak. Eztia berotu egin badute, orduan konturatuko gara; izan ere, ezti berotuak erre gustua izaten du, flanetako karameluaren antzekoa, ketu ikutua.

e. Entzumena:

Kasu honetan gure barrenari entzun behar diogu, honek dena esango baitigu. “UUMMMMM !!!”  entzuten badugu, seinale ona.

Beraz, badakizue, anima zaitezte ezti ezberdinak dastatu eta zuen gustukoak aurkitzera, izugarrizko gozame

  Eztia / Ezti dastaketa