Erabiltzailea
Gakoa

Propoleoa :

Propolia edo propoleoa erlek erabiltzen duten gaitzen kontrako botika eta antiseptioa da.

                                      

Propoleoa historian zehar asko erabilitako produktua da bai arnas bideetarako eta baita zauri eta erreduretarako. Propoleoa  aitzinean egiptiarrek  beraien momiak egiteko erabiltzen zuten, baita elikagaien kontserbatzaile bezala ere. Greziarrek eta erromatarrek bazekiten bere zauriak sendatzeko eta osatzeko ahalmenaren berri. Besteak beste, Hipocratesek erle produktu guztiak, bereziki propoleoa, erabiltzen eta gomendatzen zituen. Lehen gerrate mundialean zaurien antiseptiko  bezala erabiltzen zen, bendajeak propoleoz igurtzita jartzen zituzten infekzioak saihesteko. Baina azken 50 urteetan propolioaren garrantzia areagotzen ari da geroz eta gehiago eta hau erabiltzen dutenek esaten dutenaren  ondorioa da. Askok erlearen etorkizuneko produkturik garrantzitsuena dela diote eta urte batzuk barru eztia berari irabaziko diola garrantzian. Egindako ikerketa guztietan propoleoak indarra hartu besterik ez du egin, geroz eta propietate gehiago azaltzen baitira bere alde. Azkeneko urte hauetan erreduren eta zauri gaiztotuen kontrako goi mailako zirugjan erabiltzen da, askotan eztiarekin nahastuta.

Propoleoa tantatan, aerosolean edo pilulatan hartu daiteke bere onurak gorputz osora zabalduz. Daukan propietate askoren artean, gero azalduko direnak, gorputza beraren defentsa sistema berrantolatzeko eta indartzeko joera duela da. Modu honetan gorputzak berak egiten dio aurre gaitzari eta gainditutakoan gorputza indartu egiten da, ez antibiotikoekin bezala, non gorputzak galdutzat ematen du borroka eta antibiotikoak egiten bait du lana. Baina defentsa sistema deprimitu eta ahuldu egiten da.

Baina zer da propoleoa?

Propoleoa erleek egiten duten konposatu erretxinkorra da.  Zenbait zuhaitzen ostu mamiak duten erretxinatik hasita eta beraien sustantziekin nahastuta sortzen duten produktua da. 

                                        
Produktu hori argizariarekin nahasten dute eta gauza askotarako erabiltzen dute, haize zirrikituak ixteko, abaraskak eusteko, erlauntza desinfektatzeko, habiak garbitu eta gero ere  desinfektatzeko,… azken finean erlauntza toki aseptiko batean bihurtzen dute gaitzak zabaldu ez daitezen.

Erleek, esan bezala, propoleoa egiteko hosto jaio berrietako erretxina bere ahoarekin jasotzen dute eta entzimak gehitu ondoren, polena bezala, hanketan eramaten dute erlauntzera.

Erlauntzean beste erle batzuk hartu eta eraldatu eta gero behar duten tokian jartzen dute. Batzuetan pilatu egiten dute behar dutenerako.

 Propoleoa tenperatura epelekin bigundu egiten da, hotzarekin berriz gogortu eta hauskorra bihurtzen da. Erleak haizea eta hotza sartu ez dadin zirrikituak propoleoz ixten ditu. Ekintza hau aprobetxatuz, erlezainok propoleoa lortzeko tapa zulodun bat jartzen diogu erlauntzeko tapa jarri beharrean. Erleak beraz hotza sartu ez dadin zulo horiek propoleoz tapatuko ditu. Erlezainak orduan tapa hori kendu eta hozkailuan sartzen du hoztu dadin, hondoren propoleoa hauskorra denez askatu egiten da erraz.

                           
Propoleoa ondoren eraldatu egin behar da argizaritik bananduz.Horretarako propoleoa hauskorra dugula birrindu eta alkoholetan disolbatzen dugu. Gero epelean eta ilunpetan hilabete bat eduki eta gero iragazi eta propoleo tintura lortzen da. Propoleo ondar hori oraindik urarekin nahastuta eta beratzen utzita propoleo ura lortzen da. 
                                                                

Propoleo tintura horri ebaporazioz alkohola kendu ezkero propoleo estraktoa lortzen da.

Erabilera ezberdinak dituzte produktu hauek eta modu ezberdinetan hartzen dira.

Propoleo ura zati ezberdinak desinfektatu eta garbitzeko erabiltzen da, tintura tantak edaritan disolbatuz, estraktuak ukendu edo pilulatan …

Kontua da propoleoak modu askotan erabili daitezkeela eta gaitza askotarako.

Beste gaietan produktuekin egin dugun bezala ez gara hasiko gaitza bakoitzaren tratamenduan eta eraginean sakontzen, esan dugun bezala asko bait dira gaitzak eta arrazoiak. Beraz zein gaitzetan duten eragina edo hobekuntza aipatuko dugu. “Toki interesgarriak” atalean gehiago sakontzen duten webguneak eta liburuak topatu ditzakezue.

Zein gaitzetan ekar dezake onura propoleoak?

  Apiterapia/Propoleoa