Erabiltzailea
Gakoa

Polena:                              
Polenaz askok ezagutzen dugun gauza bakarretakoa loreetatik datorrela da eta ezagunen batek udaberrian oso gaizki pasatzen duela alerjiagaitik.

                                    

Polena landareak ernaltzeko erabiltzen duten zati arra da, hau da, obarioa ernaltzeko behar duena. Honen ondorioz sortuko dira haziak.

Landare bakoitzak bere polena du, denak itxura ezberdina dute eta mikroskopioz behatuta berehala ikusten da. Polena erleak, haizeak, urak, eta animali askok garraiatu dezakete landare batetik bestera, baina “erlea eta polinizazioa” atala irakurtzen baduzue erleak polenaren garraioan duen garrantziaz konturatuko zarete.
Polena hauts fin bat da eta polen partikulek material genetikoa garraiatzen duten bolatxo batzuen antza dute.

                                                                         

Polen partikulek mintz gogor bat dute, exina izenekoa, bere karga babesteko, baina mintz gogor horietan badira zati batzuk ezberdinak, “ateak”. Mintz ezberdin hauek hezetasunarekin disolbatu egiten dira barruko karga genetikoa askatuz. Horrela polena loren estigmara iristean hezetasuna hartu eta “atetxo” horiek irekitzen ditu obarioak ernalduz. 

Nola biltzen dute erleek polena eta zertarako?

Erleek polena biltzen dute beraien larbei jaten emateko eta baita beraiek zerbait jateko ere. Horretarako, hanketan dituzten orrazi batzuekin bere gorputzetik jaso eta beraien listua eta nektar apur batekin bola txiki batzuk egiten dituzte. Bolatxo horiek atzeko hanketan dituzten  gantxo batzuetan heltzen dituzte eta horrela garraiatzen dituzte erlauntzeraino.

                                                     

Erlauntzean, beste erle gazte batzuei pasatzen dizkiete bolatxoak eta hauek apur bat lehortu eta gero abaraskako geletan sartzen dituzte. Polena kontserbatzeko erleek eztiarekin nahasten dute “ezti ogia” deritzona eginez. Ezti ogi honek oso propietate onak ditu, bertan fermentazio bat gertatzen baita. Fermentazio horretan bifido asko sortzen dira gure eta erleen elikadurarako oso egokiak.

Polen hau erleak erabiltzen dute batez ere udaberri partean kume gehien jaiotzen  diren garaian. Urtean erlauntza batek 30-50 kg polen egin dezake baina horretatik gizakiak %10-20 besterik ezin du jaso erlauntzari kalterik egin gabe.

Nola biltzen da polena?

Polena biltzeko modua polen tranpak erabiltzea da. Polen tranpa hauek udaberrian jartzen dira eta soilik indartsu dauden erlauntzetan. Tranpa hauek erleak justu sartzen diren zulo batzuk dituzte eta erlauntzako sarreran jartzen dira. Beraz erlea sartzerakoan hanketan daraman polena gantxoetatik askatu eta azpian helburu horrekin jarritako kutxan erortzen da.

                   

Erlezainak egunero edo bi egunetik behin kutxako polena jaso behar du lizundu ez dadin.

Erlauntza bakoitza asko jota 10 egun egon daiteke tranpa horrekin, ondoren kendu egin behar da erlauntzean polena sartu dezaten, bestela ezingo lukete kumeak elikatu eta ez litzake belaunaldi berririk sortuko. Horrez gain kontuz ibili behar da polen faltak gaixotasunak ekarri bait ditzake larbentzako.

Erlezainak polena bildu eta gero haizearen bitartez garbitu eta bi aukera ditu. Lehenengo aukera errazagoa eta hobea da. Polena izoztu,hau da, gehiegizko hezetasuna kendu eta gero

-20º C tara jartzen da eta horrela saldu. Polen hau askoz hobea da kontsumitzeko, bai zapore aldetik bai propietate aldetik. Honen desabantaila izoztua saldu behar dela da, eta askotan  hotz katea ez puskatzea zaila egiten da. Desabantaila honen kontra beste aukera dago, polena lehortzea. Kasu honetan lana eta energia handiagoa da baina gero polena lasai garraiatu daiteke hotzean eduki gabe. Polena lehortzeko haizea botatzen duten armairu berezi batzuetan sartzen da eta haize bero horrek lehortzen du polena.Hala ere kontu handia eduki behar da haize beroak 40ºC tik ez pasatzeko, polena hondatu hondatu egingo bait litzeteke. Behin lehortuta dagoela lasai sartu daiteke pote edo poltsatan.

                        

  Apiterapia, Polena